IKASTE-IRAKASTE PROZESUA IHP-an

 

 

 

Nire lehendabiziko praktikak egiteko Kurutziaga Ikastola izan da aukeratu dudan ikastola. Kurutziaga Ikastola Durangon dago kokatua.Durango Bizkaiko barnealdean, eta Ibaizabal ibaiak sortutako lautada txiki batean dago. Bere inguruan instalatu diren industri ugarien babespean, etenik gabeko demografiazko hazkundea izan du 1940tik hasita. Joera honek geldialdi bat jasan du 80 hamarkadan ekonomi-krisiaren ondorioz. Gehikuntza hau, neurri handi batean, herri honetako landalur inguru eta Bizkaiko inguruko eskualde eta, batez ere, beste herrialdeetatik etorritakoen ondoriozkoa izan da, hauxe delarik Durangoko adineko piramidearen gaztetasuna azaltzen duen arrazoia. Durangoko biztanlegoa, 2007ko datuen arabera 27.476koa delarik. Herri handia izanik, eta esan bezala piramidearen gaztetasuna kontuan izanik hainbat ikastetxe daude bertan, hala ere Kurutziaga Ikastola da Durangon dagoen ikastola bakarra. Hori dela eta eskaintzen den eredu linguistiko bakarra “D” eredua da. Hala ere, ikasleen aniztasuna kontutan izanik, beharrezkoa iruditzen zaigu flexibilitatez jokatzea.

 

Ikastola hau gizarte ekimenak sortutako Guraso Kooperatiba da. Kudeaketa autonomoa du eta herriari zerbitzua ematea du xede. Bertako proiektua euskalduna, eleanitza, gertukoa, irekia eta munduari begira pentsaturikoa da. Jarduera nagusia pertsonak bere osotasunean prestatzea eta Euskal kultura transmititzea direlarik. Durango eta inguru hurbiletara bideratzen dute hezkuntza eskaintza, eta gizartearen eskakizunei arreta berezia eta etengabea jartzen die. Ikastola honen erantzuna, hortaz, berritzailea eta kalitatekoa dela esan dezakegu.

 

0-16urte bitartekoentzako eskaintza akademikoa du, etapa bakoitzean garapen integrala eman dadin proiektu ezberdin bat erabiliz:

 

Haur Hezkuntzan (0-6) umea da beraien hezkuntza ibilbidearen protagonista bakarra. Prozesu indibidualak errespetatuz garapen integral eta orekatua bultzatzea da beraien xede nagusia. Komunikazio bide egokiak eraiki eta gurasoen parte hartze zuzena bideratzea da. Beharrezkoak diren balioen heziketan lehenengo urratsak ematen hasi eta elkarbizitza osasuntsua bultzatzen dute, gaur egungo etapatik abiatuta etorkizunera begira. Honetarako Urtxintza proiektua erabiltzen dutelarik.

 

Lehen Hezkuntzan (6-12) pertsona modura garapen integrala lortzea da xedea. Gizartean bizitzeko eta planteatzen zaizkion arazoei aurre egiteko tresnak izango ditu. Aldi honetan, umeak logika eta arrazonamendua garatzen ditu, ingurua behatzen eta ezagutzen du, eta ulermen nahiz espresiorako tresnak eskuratzen ditu. Hau dela eta Txanela da erabiltzen duten proiektua. (Urtxintxa eta Txanela proiektuen ezaugarri nagusienak honako hauek dira: ikaslea bere osotasunean hartzen dela. Euskal Curriculumak markatzen dituen konpetentzia guztiak landuz: norbera izaten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi, komunikatzen ikasi, pentsatzen eta ikasten ikasi, eta ekiten eta

egiten ikasi. Lehen hezkuntza osoan era globalizatu batean egiten dugu lan (arloak berezi gabe), eta planteamendu eraikitzaile baten arabera: hau da, ikaslea da aprendizaiaren subjektu aktiboa; pedagogia aktiboa bultzatzen da).

 

 

DBHn (12-16) gazteei beraien etorkizunari begirako lehen erabakiak hartzen laguntzen die, eta bide horretan behar dituzten edukiak eta estrategiak eskuratzeko aukera eskaintzen dielarik. Horretarako Ostadar proiektua erabiliz. ( Ostadar proiektuan zera egiten da: ikasleek hizkuntza erabiltzen ikas dezaten, egoera errealei lotutako proiektuak bakarka nahiz modu kooperatiboan burutzen dituzte.)

 

Bestalde badaude baita ere beste hainbat datu aipagarri, esaten baterako, Ingelesa 4urtetik haurrera lantzen hasten direla, edota Software didaktikoa 3 urterekin e.b.

 

Haurraren garapenaren ikuspegi ezberdinen artean, ikuspegi eraikitzailea da beraientzat erreferentziarik sendoena, “Ikasketa ez da berez datorren zerbait, irakaskuntzaren eraginez datorrena baizik”.

 

Haur Hezkuntzako eginkizunen artean, hezkuntza funtzioari eta integrazio funtzioari lehentasuna ematen diote, besteak (ordezkatzea, konpentsazioa eta prebentzioa) alde batera utzi gabe.

 

Hezkuntza funtzioari dagokionez, beraien ustetan jaio ondorengo lehen urteak oinarrizkoak dira pertsonaren garapen osoa bere eremu ezberdinetan (kognitibo-linguistikoan, motorean, oreka pertsonalean eta gizarte eremuan) bultzatzeko eta sendotzeko.

 

Integrazio funtzioari garrantzi handia ematen diote adin goiztiarra delako, kultura ezberdinak uztartzeko planteamendu integratzailea egiteko unerik egokiena baita haur atzeratuen integrazioa egiteko eta nortasun arazoak dituztenen integrazioa lortzeko ere bai.

 

Adin goiztiarra kontuan izanik umearen eskolarizatzea honako era honetan planteatzen dute.

 

Irailean 2 eta 3 urteko umeen eskolaratzea errazagoa izan dadin, hasieran umeak bi txandatan banatzen dituzte, ordutegia berezia izanik.

 

Lehen astea:

- Lehen txanda : 09:15etatik 10:30etara

- Bigarren txanda: 11:00etatik 12:15etara

 

Bigarren astea:

-         Lehenengo bi egunetan, aurreko astean bezala, ordutegiak eta taldeak mantentzen dituzte.

-         Beste hiru egunetan, taldeak elkartzen dira, eta ordutegia 10:00etatik 12:00etara izanik.

Hirugarren astea:

-Talde osoa 09:00etatik 12:00etara

Urrian goizez eta arratsaldez hasten dira.

-         Lehenengo astean, umearekin datorren pertsona, berarekin egongo da gelan.

-         Bigarren astean, umearekin datorrena ikastolan egongo da, baina ez gelan. Era honetan umea ondo ez balego, gelara etor dadila esaten zaio.

-         Hirugarren astean, umea ondo aurkitzen bada berarekin datorrena joan daiteke, baina umea ondo ez balego oraindik, berarekin datorren pertsona ikastolan geratzen da.

Era honetan umearen adaptazio garaia errazagoa izango dela uste dute. Zeren talde txikian hasita ordutegi labur batekin, eta pertsona ezagun bat inguruan duela, moldatzea gutxiago kostatzen zaiola uste dute. Hala ere esan beharra dago, eskolaratzeko plangintza izan arren malgutasun guztiarekin jokatuko dela, haur bakoitzaren premiak kontuan izanik.

 

Kurutziaga Ikastolako curriculuma pedagogi printzipio hauetan oinarritzen da:

-         Haurraren eta inguruaren interakzioa

-         Globaltasuna

-         Iharduera eta jolasa

-         Indibidualizazioa eta sozializazioa

Haurraren ingurune hurbil eta ezagunetik abiatzen dira eremu periferikoetara zabalduz. Baita ere ziklo naturalak eta ziklo horiekin erlazionatutako jaialdiak elkarrekin ospatzen ditugu. Interesgune horien inguruan eta hortik egokitu, moldatu eta sortu diren ipuinetan oinarrituz globalizatzen dira esperientzia eremu eta arlo guztiak. Esan bezala, oso garrantzitsua da ikasleen aurrezagupenak ezagutzea eta hauek abiapuntu bezala hartzea, gero egiten dituzten aurrerapenak baloratu ahal izateko. Ikasle bakoitzaren garapen hurbileko eremuan kokatuko gara, bere garapen prozesuan lagundu ahal izateko, garapen integrala bermatuz.

Bakarkako eta taldekako jolasaren bidez bideratzen dute umearen aktibitatea.

Irakaskuntza eredua mixtoa dute, batetik interakzionista eta bestetik globalizatzailea. Interakzionistan erabiltzen dituzten estrategiak hiru arlotan gauzatzen dira: objektuen manipulazioen bidez oinarrizko hiztegia eta kontzeptuak eskuratzeko; eskolako eta gela barruko giroa hobetzeko; familia eta eskolaren arteko harremanak girotzeko. Globalizatzailean, umeak errealitatea era sinkretikoan edo globalean jasotzen du, beraz interesguneetan gai edo arlo guztiak era globalean uztartzen dituzte, eta haurraren gaitasun guztiak eta orekatuan lantzeko proposamenak egiten dituzte. Interesgune horiek definitzeko haurraren behar edo interesetan oinarritzen direlarik.

Aniztasunaren trataerari dagokionez, Kurutziaga ikastolak ezberdintasunak aberastasun bezala ulertu behar ditugula bultzatzen du. Azken finean, eskolako helburua, ez da ikasleak homogeneizatzea baizik eta, diren bezalakoak onartzea, talde hetereogeneoak sortuz. Hori dela eta, aniztasunaren lehen eremua gela arrunta eta eguneroko programaketa izango direla esan dezakegu. Geletan ikasteko erritmoa eta era ezberdinak  onartuko dira. Metodologi aldetik, gaiak, baliabideak, e.a., ikasle guztien interes eta gaitasunei erantzun ahal izateko anitzak izango dira.

Aurrerago aipatu bezala gure ikastetxea “D” eredukoa izanik, eta ama hizkuntza gaztelania duten umeak hainbat direla, eta inguru soziolinguistiko erdaldunetan mugitzen direla ikusirik, alternatiba bat eman beharrean aurkitu ziren.

Horretarako estrategia osagarri  bezala Euskara errefortzuak eskaintzea erabaki zuten. 3 urtetik 5 urtera ama-hizkuntza gaztelera daukaten ikasleek, astean 4 egunetan, ordu erdiko saioak izaten dituzte talde txikitan (5-10 ume), bertan Euskara mintzatua intentsiboki lantzen dute.

Erabiltzen duten materiala mailaka sailkatuta dago, eta gaien bidez lantzen da.

Gai bakoitzak arlo hauek lantzen dituelarik:

-         Nozio orokorrak

-         Nozio espezifikoak

-         Aukeratutako egoerak

-         Egoera hauei erantzuteko hizkuntz formak eta baliabideak

-         Baliabide orokorrak

-         Ipuinen testuak

-         Errekurtsoak

Umeekin lortu nahi duten helburua, komunikatzeko gaitasuna lantzea da egoera interaktiboaren bidez.

-         Testuinguru berberean parte hartzea

-         Hartu- emanak sortaraztea

 

Ikasleen toki fisikoa:

Gelaren baldintza fisikoak:

Gelaren baldintza fisikoak: neurriak (luzera-zabalera-altuera), argia, koloreak, material mota, objektuen tamaina, itxura, garbitasuna, ordena… Baldintza físiko hauek bete behar duten baldintza nagusia, ikasleek elkarrekin gustura egoteko legua izatekoa da.

Espazioaren malgutasuna:

Ikaslearen garapena bideratzeko ezin dugu ukatu espazioaren antolaketak duen garrantzia, tresna honen bidez lehen pertzepzioak jasotzeaz gain, norberaren esperientzia, zein beraien nahietara hurbiltzeko modu natural bat da.

Gelako espazioan egin behar diren jarduera motak eta taldeko dinamikak oso anitzak dira. Gaitasun eta arlo guztietako jarduerak egiten dira gela barruan: adimenaren gaitasunak, aho hizkuntza eta hizkuntza idatzia, plastika, musika, dramatizazioa, afektibitatea, sozializazioa…, eta jarduera hauek, beren aldetik, talde dinamika 

ezberdinetan egiten dira: batzuetan irakaslea eta ikasleak aurrez aurre talde handian, ikasleak bere kasa edo irakaslearekin talde txikiagotan, edo ikasleak bakarka; guzti hori, jarduera mota batetik bestera eta talde dinamika batetik bestera, bizkor aldatuz. Horrelako baldintzetan, gelak, antzerkietan gertatzen den modura, eszenarioa edozein unetan, beharren arabera eta malgutasunez, erraz moldatzeko moduan prestatuta dute.

Txokoak:

Umeak mugitu beharra dauka eta ezin daiteke mahai batean lotu. Beraz, espazio zabal handia dute talde handian lan egiteko, eta txokoetarako ere bereiziki leku aproposak gertatuta dituzte, bertan umeek libreki jolasten dutelarik.

-         Motrizitatearen trebetasunak lantzeko bereiziki psikomotrizitate gela erabiltzen dute.

-         Ikusentzumen trebetasuna lantzeko osagarri bezala ikusentzungailuen gela erabiltzen dute.

Jolasaldia:

Umeen adinaren arabera antolatzen dituzte jolasaldirako orduak. Jolasaldiak hainbat gune ezberdin ditu, material eta ezaugarri ezberdinez betea haurraren esplorazioa bultzatzeko asmoz. Espazioaren sailkapen fisikoa hurrengoa izanik:

-         Areatza

-         Ingurune berdea (belarra, landareak, zuhaitzak)

-         Txintxaunak, txirristak, trabesak, labirintoa…

-         Aterpea

 

Ebaluazioa:

Ezarritako helburuak lortu diren ala ez ebaluatzeko, honako irizpide hauek erabiltzen dituzte. Metodologi irizpideak ezberdinak direnez ebaluatzeko irizpideak ere ezberdinak dira, ikaslearen prozesu osoa kontuan izanik eta ez soilik azkenengo emaitza. Horregatik, prozeduretan, jarreran, taldeko dinamikan, besteekiko harremanetan… ume bakoitzak egiten dituen aurrerapenak baloratuko dira. Prozesuari ematen diogunez garrantzia ebaluazioa ere prozesuan zehar emango da.

Ebaluazioa hiru zatitan banatzen dute, batetik hasierako ebaluazioa legoke, hemen hezitzaileak gurasoekin hitz egiten du haurra inguru berrian zer moduz moldatzen den azaltzeko eta honekin batera haiek, haurra nola ikusten duten galdetzeko. Ikastetxe honek garrantzi handia ematen baitio irakasleek gurasoekin duten hartu emanari, honegatik gurasoekin egunero (ume bakoitzak koadernotxo bat dauka, bertan informazio horri batzuk dituztelarik. Haurra ikastolara ekartzean gurasoek koadernotxoan ekartzen dute haurraren informazio berri guztia idatzirik, esate baterako, ze ordutan jaiki den, zer moduz egin duen lo, kaka egin duen… eta haurra batira datozenean irakasleak gauza bera idazten du.) harremanetan egon arren, gurasoak hiru aldiz egongo dira irakaslearekin, hala ere, premiaren arabera, behar den guztietan egoteko aukera izango dute. Honela irakasleak haurra hobeto ezagutzea lortuko du.

Ondoren, ebaluazio jarraitua egiten da, hemen hezkuntza prozesuaren barruan ebaluazio etengabea egiten dutelarik. Ume bakoitzaren egoerak, hobekuntzak eta eragozpenak zehaztuz, eta behar izanez gero egokitzapenak finkatuz.

Bukatzeko, azken ebaluazioa dago, etapa bukatzean azken ebaluazioa egiten da. Ebaluazioaren azken txostenean helburu orokorretan islatzen diren gaitasun ezberdinen esku hartze maila zehazten da, horretarako aurretik finkaturik dauden behaketa tresna erabiltzen dutelarik.

Irakasleak haurrak izan ditzakeen arazoei konponbideak aurkitzen lagundu behar dio, ikaslea orientatuz, lagunduz eta motibatuz. Horrez gain, irakaslearen papera estimulagarria izan behar da, egoera eta jarrera ezberdinak positibatuz.

Ni 0 urteko gelan nago, ikastolan 0 urteko bi gela dauden arren haur guztiak gela berdinean daude, hori dela eta bi tutore laguntzaile bat eta ni gaude bertan. Esan beharra dago, bi tutoreak eta laguntzailea oso gazteak direla, hori dela eta hurbiltasun berezi bat sentitzen dut beraiekin. Bi tutoreek haur hezkuntza ikasi zuten eta orain dela 5 -6 urte daude bertan lanean, laguntzaileak aldiz teknikari izateko ikasi zuen eta hau da bere lehenengo urtea ikastolan. Irakasleak gazteak izatearen abantaila beraiek ere ikasketak orain dela gutxi bukatu dituztela da, hori dela eta oso nabarmen ikusten ditut ni orain ikasten ari naizen zenbat kontzeptu. Aipatzekoa da baita ere, beraiek ikuspegi eraikitzailearen bultzatzaileak direla, ondorioz nire iritziarekin bat datozela.

Nire gelan, 17 haur dira guztira, hala ere gurasoak ez dituzte haurrak egunero ekartzen, batzuk beste batzuk baino sarriago etortzen dira. Horregatik aipatu beharra daukat normalean 10 ume inguru izaten ditugula. Hauen artean, harrigarria bada ere, ez dago eratorri ezberdineko inor, ezta premia berezirik duen inor ere. Honekin ez dut esan nahi ez dagoenik arazorik ez duen haurrik. Badago kasu bat non gurasoek ez dituzten haurraren behar fisikoak asetzen. Hau da, batzuetan ez diote gosaria ematen denboraz eskas ibili direlako, ahaztu egin zaielako,… Irailean haurra ikastolara hasi zenean irakasleek desoreka bat sumatu zioten haurrari, hori dela eta bilera bat egin zuten gurasoekin guztien artean haurrari zer gertatzen zitzaion jakiteko asmoz. Orduan konturatu ziren gurasoek ez zituztela haurraren zenbait behar fisiko behar bezala betetzen hori konpontzeko asmoz hainbat gomendio eman zizkieten. Hala ere, gurasoak hasieran aldaketa nabarmenak egin zituzten arren, denbora gutxira arazo berdinarekin aurkitzen ziren. Orduztik eta orain arte hainbat bilera egin dituzten arren ez da aldaketarik nabaritzen.

Zuen galdera ea nik irakasle izanez gero nola jokatuko nuen izan da. Nik ikusi dudan apurrarekin, esan dezaket irakasleek  betetako papera egokia iruditzen zaidala. Nahiz eta oraindik haur honen egoera ez konpondu, egunez egun daude honi konponbide bat nola eman pentsatzen. Ez da erraza momentu bakoitzean zer egin jakitea baina, saiatzea eta hau lortzeko estrategia eta irtenbide posible guztiak probatzea da garrantzitsuena. Bestalde, egokia iruditzen zait beraien jarrera, ikasle guztiak onartzen dituztelako, bakoitza bere ezaugarriekin eta beste alde batetik, errespetua eta tolerantzia nagusi direlako gure ikasgelan. Lasaitasuna eta segurtasuna transmititzen die haurrei  baita hurbiltasuna ere, hau oso garrantzitsua izanik 0 urteko gelan. Haurra seguru eta gustura sentitzea ezin bestekoa baita esploratzeko eta garapen orekatu bat lortzeko. 

 

Advertisement

Deja un comentario

Fill in your details below or click an icon to log in:

Logo de WordPress.com

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Cambiar )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Cambiar )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Cambiar )

Connecting to %s